Bilblogari blog lehiaketa martxan

2009-10-02
Bilboko Udaleko Euskara Sailarekin elkarlanean, Nontzeberri kultura atariak BilBlogari Bilbo Handiko 15 eta 30 urte bitarteko gazte euskaldunei zuzenduriko blog lehiaketa abiatu du.

Ekimenaren helburua, euskara, gazteak eta teknologi berrien uztarketa sustatzea da, beti ere euskararen erabilera gazteen artean areagotzeko asmoz. Ez hori bakarrik, halaber, lehiaketa honen bidez gazteen parte-hartzea ere nabarmenduko da, eta partaidetza gazte hori euskalduna izango da.

Bilblogari lehiaketan nahi duen orok esku hartu ahalko du eta hiru atal izango dira: blog pertsonalak, taldeko blogak, eta tematikoak. Atal bakoitzean Interneteko bitakora onena sarituko da.

Horretarako, honako irizpide hauek baloratuko dira: euskararen maila, kalitate literarioa, diseinua, gaurkotze maila eta originaltasuna. Azken iripizde horren harira, blog originalenak ere bere sari berezia izango du.

Nontzeberrik eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak antolaturiko ekimenaren asmoa, gazteek sutsuki maite dituzten teknologia berriez baliatzea da, euskara adin tarte eta esparru birtual horretan sustatzeko asmoz. Era berean Bilbo Handiko gazteen parte-hartzea ere bultzatu nahi da, haien blogetan biltzen dituzten kezka, iritzi, ekimen eta ideien bidez, betiere euskara dela hizkuntza nagusia.

Lehiaketa urriaren 1etik azaroaren 30era bitartean gauzatuko da. Epe horretan parte-hartzaileek euren lanak bidaliko dituzte web gunean islatzeko.

Abenduan epaimahaia (blog-etan adituak diren bi pertsona) bilduko da irabazleak aukeratzeko, eta azkenik, irabazleak iragarri eta sariak emango dira.

Honakoak dira sariok:
Blog pertsonal onena: 350 euro
Taldeko blog onena:350 euro
Blog tematiko onena: 350 euro
Blog originalena: 350 euro

Sari banaketarekin batera off-line-ko saio bat egongo da (hitzaldia edo mintegi txiki bat) non aditu hauek blogintzari buruzko datu interesgarriak agertuko dituzten. Informazio guztia www.bilblogari.net helbidean

0 Iruzkin:

Publicar un comentario