Kar kar gazte taldeak urtarrilaren 23an talo tailerra egin zuen Larrauriko Trobiko Errota baserrian. Gure berbaizukide den Isuskok bere familiaren baserria eta taloaren gaineko azalpenak ematera gonbidatu gintuen. Tailerraren hirugarren urtea izanik eta Berbaizu Euskara Elkartearen urteurrena aprobetxatuz, gazte taldeak ikuspegi berria eman nahi zion jarduerari eta gonbidapenari ezin izan zion uko egin.
Harrera ezinhobea izan zen, Isuskoren osabak labea martxan jarri zuen eta bere amama taloaren gaineko azalpenak eman zizkigun. Antzinako errota ere bisitatu genuen, auzoko batek gonbidatuta, eta irina aspaldian nola egiten zen erakutsi zigun. Ondoren bazkaria, eta taloz beteta heldu ginen etxera, ahaztu gabe, hurrengo egunerako, soberan zeuden taloak ere poltsa batean geramatzala!
Esker onak familiari Kar Kar gazte taldetik, benetan primeran pasatu genuen eta hurrengo urtean errepikatzeko gogoekin gelditu gara.
Abenduaren 12an ospatu zuen TopaguneakKameratoiaren 5. edizioa Bermeon. Ikus-entzunezko rally honetan gazte sortzaileak dira protagonista, goizean goiz ematen zaien gaiaren inguruan 3 minutu inguruko laburmetraia prestatu behar dute antolatzaileek agindutako lokalizazioetan. Denbora zehaztasun handiz neurtu behar da: goizean grabaketa orduak hartu eta lasterka editatu arratsaldean. Edizio honetako gaia "Txo! Erdu hona! / Erdu hona, alabatxi!" izan zen.
Deustuko bi gaztek eta Sondikako beste lagun batek Watefak! Taldea izenpean "Olatrat" izeneko lana grabatu zuten. Arazo teknikoak zirela eta ezin izan zuten bideoaren edizioa amaitu. Honako hau da amaierako bertsioa.
Olaia Simon 23 urteko deustuarra sei hilabetez joan da Greziara Erasmus programarekin Biologia ikasketak burutzera.Biologia ikasle batentzat leku aproposa dela aitortzen du Olaiak, itsasalde oparoa eta hegaztientzako zonalde garrantzitsuak baitaude. Etxetik gehien faltan botatzen duena lagunekin Deustuko tabernetan egotea da.
1-Zertara joan zara Greziara?
Erasmus programarekin Greziako Thessalonikako Aristotelious Panepistimiora, sei hilabetez etorri naiz, biologiako ikasketak ia bukatzera. Teoriaren bibliografia ingelesez jaso eta azterketa hizkuntza berean egiteko aukera dut. Praktikak aldiz, grekeraz egin behar dudala suposatzen da. Pisu bat alokatu dut beste bi pisukiderekin batera: Murtziako neska bat eta mutil frantses batekin.
2-Nolakoa da unibertsitatea?
Greziako unibertsitate publikoan ikasketak dohainekoak dira eta material gehiena ematen dizute, nahiz eta, praktiketako materiala oso eskasa eta egoera txarrean egon. Unibertsitatea errepublika independiente gisa funtzionatzen du,hots, konstituziotik aparteko araudi propioa daukaAtenaseko Unibertsitate Politeknikoaren matxinadaz geroztik. 1973an gertatutako ikasleen manifestazioa hainbat hildakoekin bukatu zen, baina diktaduraren bukaeraren hasiera izan zen. Ordutik, Greziako ikasle mugimendua Europako indartsuenetarikoa izan da.
3- Zelan moldatu zara greziar bizimodura?
Greziako bizimodua mediterraneoa da, lasai jateko eta edateko kultura, ordutegi malguekin eta gaueko bizitza aktiboarekin. Bizitza erritmoa lasaia da, lasaiegia batzuetan. Hasieran nire onetik ateratzen ninduen hainbesteko patxada, tramite burokratikoak egiteko ez baita batere lagungarria. Hiri handi batean egonda ere, geldo lan egiten da. Hala ere, harritzeko da, azkenean dena dabilela, nola ez jakin arren.
4- Grekeraz zerbait esaten badakizu?
Grekera uste baino zailagoa da. Guretzat ahoskera erraza bada ere, hiztegi oso aberatsa du eta ulertzeko zaila da. Zerbait esaten badakit. Dena den, greziar askok ingelesez dakite eta ez badakite, ziur egon zaitezke zurekin berba egiteko gai den norbait aurkituko dutela. Lagungarria da jakitea omorfi/os/o polita esan nahi duela eta ligo hitzak gutxi esan nahi duela, Euskal Herritarrontzat erraza gogoratzeko!
7- Parrandan ateratzeko herrialde aproposa da Grezia?
Oso giro desberdinak topa daitezke. Tabernetan kopak hartzea, oro har, garestia da eta pub gehienetan sarrera ordaindu behar da. Bestalde, edonon periptero edo kioskoren bat aurki daiteke, edozein ordutan garagardo eta bestelako edariak eta produktuak saltzen dituztenak. Gainera, unibertsitate barruan ia egunero jai desberdinak antolatzen dira. Gazteen artean gehienbat drum & bass, ska, reggae, heavy eta pop entzuten dira.
8- Biologia ikasle batentzat herrialde ona dirudi: flora eta fauna oparoa du Greziak.
Bai, itsasaldean oso aberatsa da eta hainbeste irlek inguru desberdinak eskaintzen dituzte. Penintsula ere oso oparoa da, mendiak eta ibaiak ugariak dira eta hegaztientzako garrantzi handiko zonaldeak daude. Leku babestu hauek espezie askoren mantenurako ezinbestekoak dira. Flora gehienbat mediterranearra da.
9- 2007an, baina, sute askok Greziako basodiaren zati handi bat suntsitu zuten. Nola dago egungo egoera?
Orduan, prebentzio plan berria ezarri zen, baina 2009an izan dituzten zenbait sutek argi utzi dute, ezer gutxirako balio duela. Jendea haserre dago, zer gertatuko denaren zain.
10- Grezian bizi izan diren ikasle matxinadak kontuan hartuta: nola ikusten duzu Greziako ikasle mugimendua?
Mugimendu mota asko dago: festak, hitzaldiak eta manifestazio ugari. Abenduaren 6an, izan dugu manifestaziorik handiena. Aurreko urtean poliziak hildako gazte anarkistaren ohorean ez ezik, gazteek aldaketak aldarrikatzen zituzten. Istiluak sortu ziren eta alderdi bakoitzak bere armak erabili zituen. Ikasleek harriak eta molotov koktelak erabiltzen zituzten bitartean, poliziek borrak, gomazko pilotak eta gas negar-jarioleak.
11- Zer botatzen duzu faltan Euskal Herritik?
Lehenik, lagunak. Bigarrenik garagardoaren prezioa tabernetan eta azkenik biak batera. Deustuko Izeki tabernan ematen ditugun ordu horiek batez ere, pasa berri dugun astea komentatzen eta tontoarena egiten.
12- Zer dakite greziarrek Euskal Herriari buruz?
Askok ez dute Euskal Herria ezagutzen. Batzuk nahikotxo dakite, egoera politikoaren idei makala eta gure paisaien berri dute. Eta gehienek hiriak ezagutzen dituzte euren futbol taldeei esker.
13- Greziaz aparte, beste herrialderen bat ezagutzeko aukerarik izan duzu?
Albanian egon naiz pisukideekin abenduaren hasieran eta hemendik gutxira Istanbulera joango gara. Albanian jendea oso jatorra da eta komunismoaren eragina nabaria da. Herri musulmana izanik, oraindik emakumea ez da bizitzaren arlo guztietan azaltzen. Prezio baxuak ditu, oso ondo jaten da eta oraindik ez daude turismora ohituta. Herrialde erabat gomendagarria da.
2009-12-17
PARTE HARTU NAHI BADOZU EMAN IZENA GAZTE! karkartaldea@gmail.com
“Alde mistikoa du txalapartak, bi pertsonen arteko harremana eta soinua sortzen du. Lotura egon behar da, eroso sentitzeko”
Arratsalde batean, Beñat eta Xabi Deustuko gazte lokalean zeudela, hantxe ikusi zuten txalaparta, eta harriduraz begiratu zuten. Ordun hasi ziren ingurukoei galdezka ea zer ote zen hori. Hori orain dela lau urte, eta egun, misteriotsu iruditu zitzaien soinu tresna, bizio bat bilakatu da eurentzako. Beñat Luzuriagak bere osaba zuen eredu, “berak erakutsi zizkidan hasierako onarri batzuk”.
“Guretzako txalaparta jolasaldia da, eta ez da instrumentua, soinua ateratzeko tresna baizik” dio Xabik. Erritmoak markatu eta hortik sortzen diren soinuak dute gustoko biek.
Zaila da txalaparta menperatzea? Ez da zaila, gustoko baduzu ez da zaila. Asko praktikatu behar da eta batez ere albokoa ondo ezagutu, feeling ona izan behar da kidearekin. Elkar ondo ezagutu eta horrela eboluzio bat sortzen da bien artean, doinu berriak ateraz eta konpenetrazio gehiago lortuz. Behin onarriak ikasita, ondo ikusten dugu inprobisazioa egotea. Ez da dana zehaztuta egon behar, bakoitzak erritmoa non eta noiz emateko erabakia hartuko du, beti ere erritmo hori hautsi barik, jolas baten antzera da , guk halaxe ikusten dugu.
Jotzeko bi pertsona behar dituen instrumentu bakarra da txalaparta. Bion arteko elkar ulertzea edo konpenetrazioa nolakoa da? Oso garrantzitsua da beste kidea ondo ezagutzea eta harreman ona izatea. Inoiz hiru edo bost pertsona batera jo dugu erritmo ezberdinak sortuz, eta hor harremana baino, erritmoa jarraitzea da helburua eta giro ona nabaritzea
Zer dakizue bere historiaz? Gipuzkan sortu omen zen. Sagardo garaia zenean, sagarrak txikitzeko makila batzuk erabiltzen zituzten eta jotzerakoan egiten zuen doinua inguruko baserrietara heltzen zen, eta entzutean bazekiten sagardo garaia zela.
Zenbat darama ikastaroa Gazten? Pilo bat urte. Ikastaroa beti egon da aktibo. Ez dago maisurik, ikasleak bakarrik. Hara heldu eta guztion artean saiatzen gara txalapartari doinuak ateratzen. Esan dugu, behin onarriak ikasita, erritmoarekin egin beharreko jolasaldia da. Inoiz mendiko zuhaitz enborretan edota kalean topatzen dugun bankuarekin erritmoak ateratzen hasten gara, konturatu barik. Behin Iruñan, eskailera batzuk igotzen geundela, nafar lagun batek esan zigun, “entzun jendearen pausuak eskailerak igotzerakoan”, ta erritmo bat sortzen ari zen, harrigarria.
Deustuko Gazte Lokalean txalaparta jotzen ikasteko aukera dago. Zergaitik hain gazte gutxi aritzen dira txalapartan? Gazteen artean gero eta zabalduago ikusten dugu txalaparta. OrekaTx taldeak, esaterako, lortu duen soinu eta erritmo ezberdinak, material anitzez sortuak, beste xarma eman dio txalapartari. Tradiziotik aldendu dute pixka bat, gauza berriak probatuz. Guk ildo horretatik ikusten dugu.
Zein da euskararen presentzia Gazte Lokaleko txalaparta saioetan? Euskaraz emateko aukera ematerik etorkizun batean? Giro euskalduna da, baina gaztelerara jotzen da normalean. Kontraesana, bai, baina txipa aldatu barik dugu. Euskaraz inoiz mintzatzen dugu, baina, normalean gazteleraz aritzen gara, euskaraz hitz egiteko ohitura faltagatik. Prest gaude euskara hutsez emateko baina txipa aldatu behar dugu.
Saiorik egiten ahal dituzue gaztetxetik kanpo? Bai, ezkontzetan, bazkari edota festetan jotzen dugu.
Euskal Herritik kanpo aritu zineten txalapartarekin. Zelan izan zen? Eusko Jaurlaritzak turismoa sustatzeko antolatu zituen jarduera batzuetan, Andaluzian, Polonian, Galizian … ibili ginen baina hortik ezer gehiagorik ez.
Txalaparta nazioarteko leihora ateratzen ari dela dirudi. Zein ikuspegi duzue txalapartaren etorkizunarekiko? Gero eta sendoagoa ikusten dugu txalapartaren bidea, eta nahastuagoa kreatibitate aldetik. Gero eta txalapartari gehiago daude, batez ere Iruña eta Baztan inguruetan, bertan arrakasta handia dauka tresna mistiko honek.
Bilboko Udaleko Euskara Sailarekin elkarlanean, Nontzeberri kultura atariak BilBlogari Bilbo Handiko 15 eta 30 urte bitarteko gazte euskaldunei zuzenduriko blog lehiaketa abiatu du.
Ekimenaren helburua, euskara, gazteak eta teknologi berrien uztarketa sustatzea da, beti ere euskararen erabilera gazteen artean areagotzeko asmoz. Ez hori bakarrik, halaber, lehiaketa honen bidez gazteen parte-hartzea ere nabarmenduko da, eta partaidetza gazte hori euskalduna izango da.
Bilblogari lehiaketan nahi duen orok esku hartu ahalko du eta hiru atal izango dira: blog pertsonalak, taldeko blogak, eta tematikoak. Atal bakoitzean Interneteko bitakora onena sarituko da.
Horretarako, honako irizpide hauek baloratuko dira: euskararen maila, kalitate literarioa, diseinua, gaurkotze maila eta originaltasuna. Azken iripizde horren harira, blog originalenak ere bere sari berezia izango du.
Nontzeberrik eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak antolaturiko ekimenaren asmoa, gazteek sutsuki maite dituzten teknologia berriez baliatzea da, euskara adin tarte eta esparru birtual horretan sustatzeko asmoz. Era berean Bilbo Handiko gazteen parte-hartzea ere bultzatu nahi da, haien blogetan biltzen dituzten kezka, iritzi, ekimen eta ideien bidez, betiere euskara dela hizkuntza nagusia.
Lehiaketa urriaren 1etik azaroaren 30era bitartean gauzatuko da. Epe horretan parte-hartzaileek euren lanak bidaliko dituzte web gunean islatzeko.
Abenduan epaimahaia (blog-etan adituak diren bi pertsona) bilduko da irabazleak aukeratzeko, eta azkenik, irabazleak iragarri eta sariak emango dira.
Honakoak dira sariok: Blog pertsonal onena: 350 euro Taldeko blog onena:350 euro Blog tematiko onena: 350 euro Blog originalena: 350 euro
Sari banaketarekin batera off-line-ko saio bat egongo da (hitzaldia edo mintegi txiki bat) non aditu hauek blogintzari buruzko datu interesgarriak agertuko dituzten. Informazio guztia www.bilblogari.net helbidean
Uztailaren 10etik 12ra Karkar gazte taldeak Lesakako San Ferminetara irteera antolatu zuen hirugarren urtez.
Irteeran deustuko hainbat gazte euskaltzalek hartu zuten parte. Asteburu hortan Deustuko jaietan olinpiadetako txapeldun suertatu ziren Solomo Gazta Asanbladakoekin hartu genuen ostatu Etxalar herriko nekazal etxe ikusgarri batean.
Lesakara autobuses hurbiltzen ginen jai giro alai eta eroaz gozatzeko. Herriko solomo gazta bokatak eta sagardo botila guztiak amaitu ostean, bakoitza ahal zuen moduan bueltatzen zen nekazal etxera.
Kar-Kar taldetik datorren urtera begira Lesakako San Ferminetan gurekin parrandan murgiltzera animatzen zaituztegu.
Mamadou Moustapha Ngom edo “Mara”, lagunek ezagutzen duten moduan, Bilbora 22 urtekin heldu zen, bere lehengusu eta lagun batekin batera, orain 25 urte ditu. D.B.H.a atera berri du, paperak eskuratzea erreztu diona. Dakar-etik 190km-tara dagoen Khombole izeneko hirikoa (Senegal), Wolof-a da bere ama hizkuntza. Herrialdearen hizkuntza oficial Frantsesa izan arren, biztanleriaren %80a Wolofez mintzatzen da. Wolof etniatik eratorriatako lenguaia, gaur ia 7 milioi pertsonek erabiltzen dute eta Senegal,
Gambia eta Mauritanian da erabilia.
Mara mutil apala eta lotsatia da, ez du begietara so egiten konfidantzarik ez badu eta beti irrifartsu dago. Musulman fededuna, melokotoizko xukua eskatzen du berbetan aritzen garen bitartean,
Zerk animatu zintuen etorten?
Bartzelonan eta Frantzian dauden lagunek Europak lan egiteko aukera paregabeak eskeintzen zituela, bizi-maila hobeagoa zela eta lana eta etxebizitza topatzea erraza zela esan zidaten. Nik Europa ez nuen gustoso, saltzaile gisa jarduten nintzen ehungintzan, enpresa familiarrean, eta eskolan ikasia nintzen. Beti pentsatu izan dut nire herrian laguntzen geratuko nintzela, garatzen hari deneko Senegalean, baina hau hobeagoa izango zelakoan konbentzitu ninduten.
Zein izan zen zure lehenengo inpresioa?
Ordurako entzundako guztia gezurra zela ohartu nintzen. Hasieran zure helmuga ziren hirietan ez omen dago lana eta horregatik lehengusua eta biok Bilbon geratu ginen.
Zergatik Bilbo?
Hemen aukera gehiago genituela pentsatu genuen. Bestalde, etorkinak laguntzen dituzten elkarteek laguntza zoragarria ematen digutelako.
Nola izan zen hasiera?
Dirurik, lagunik eta hizkuntza ezagutu gabe, familia faltan botatzen duzu. Hona datozen senegaldar gehienak bezala, salmenta ibiltarian lanean jarri nintzen, paperik gabe ez baituzu lana topatzen eta senegaldarrak ez gara lapurretan aritzen. Konfidantzazko gizontzat hartzen zaituztenean, alokairua eta jatekoa ordaintzen dizute lanaren truke, ez da erraza. Ikasi izana eta saltzaile esperientziak arazorik ez edukitzen lagundu zidan, errespetatzen ninduten.
Etortzeko urteetan zer espero duzu?
Ikasten hasi nintzen, alde batetik paperen tramitazioa azkartzeko eta bestetik, nire formakuntzarekin jarraitzeko, baina, nahiz eta paperak lortu ditudan lana oraindik lortu. Aldiz, D.B.H.a bukatu dut eta ikasten jarraituko dut, lehenengo erdi-mailako gradua, gero goi-mailako batera igarotzeko asmoarekin.
Zer iruditu zitzaizun euskera ikasgaia?
Oso ondo iruditzen zait institutoetan ikasi ahal izana, Wolofak gure eguneroko hizkuntza izan arren, erakundeen bermerik ez dauka.
Ikasteko interesik ba al duzu?
Noski, datorren kurtsoan, erdi-mailako zikloara ez ezik, euskaltegira ere apuntatuko naiz. Edozeinek bezala lan egin nahi dut eta zenbait lanek euskera eskatzen dute. Dohainik ikasteko aukera dudanez aprobetzatuko dut. Sei urtetan E.G.A. ateratzea espero du.
Zaila iruditzen al zaizu?
Bai, txiri-txiri. Orain saharauien egoerari buruzko liburu bat irakurtzen ari naiz (En la jaima a la seis, Enkarterri) eta kondairak bai euskeraz eta bai gazteleraz idatzita daude. Irakurketak gaztelania hobetzen lagundu eta euskera gerturatzen dit.
Zer moduz bizi zara orain?
Eusko jaurlaritzatik jasotzen dudan diruari esker bizi naiz. Alokairua eta janaria ordaindu eta familiari diru pixkat bidaltzeko heltzen zait, hala ere, eurek badakite dirua gobernutik datorrela, ez diet inoiz nire egoerari buruz gezurrik esan. Orain ikaste da nahi dudana.
Zure herrialdera bueltatuko zara?
Ondo nago hemen eta horrela jarraitu ezkero, 8 urte barru espainiar nazionalitatea lortuko nuke eta ondorioz, soilik turista gisa bueltatzea edukiko nuke. Dena den, ez dut uste bueltatuko naizenik, hango egoera ez da ona. Gainera, nire neskalaguna unibertsitatean ikasten ari da eta amaitu bezain pronto Frantziara etortzeko asmoa dauka.
Deustuko Gazte Lokalaren 18. urtemuga ospatu zen joan den ekainaren 12 eta 13an. Gazte Asanbladeko kideek ekintza ugari prestatu dituzte: kontzertuak, herri bazkaria, txapelketak... Kar Kar taldeak ospakizunetan parte hartu du aurten, futbolin txapelketan hain zuzen ere. Zapatuan ospatu zen Txoridendan, arratsaldeko 18:00etan. Guztira 18 bikotek parte hartu zuten eta partida bakoitza bederatzi bolekin jokatu zen. Txapelketan parte hartzeko baldintza bakarra euskaraz berba egitea zen, gazteleraz hitzen bat bota ezkero kontrako golarekin zigortzen zuen bikotea gure epaile bikainak. Txapelketa lau orduz luzatu zen eta jarraian lokalera egin zuten gazteek jaia jarraitzeko gogoz.
Zorionak Deustuko Gazte Lokala eta segi aurrera!!!
Krisiak gogor egiten digu, baina kaña batekin gogorrago egiten diogu guk krisiari, eta ofertoi bat aurkitu ezkero, are gogorrago. Krisiak eta kañak, Blog & Beers, euskara eta itzulpenak. Oso kañeroa.