Beñat eta Xabi txalapartariei elkarrizketa

2009-10-27
“Alde mistikoa du txalapartak, bi pertsonen arteko harremana eta soinua sortzen du. Lotura egon behar da, eroso sentitzeko”

Arratsalde batean, Beñat eta Xabi Deustuko gazte lokalean zeudela, hantxe ikusi zuten txalaparta, eta harriduraz begiratu zuten. Ordun hasi ziren ingurukoei galdezka ea zer ote zen hori. Hori orain dela lau urte, eta egun, misteriotsu iruditu zitzaien soinu tresna, bizio bat bilakatu da eurentzako. Beñat Luzuriagak bere osaba zuen eredu, “berak erakutsi zizkidan hasierako onarri batzuk”.

Guretzako txalaparta jolasaldia da, eta ez da instrumentua, soinua ateratzeko tresna baizik” dio Xabik. Erritmoak markatu eta hortik sortzen diren soinuak dute gustoko biek.


Zaila da txalaparta menperatzea?
Ez da zaila, gustoko baduzu ez da zaila. Asko praktikatu behar da eta batez ere albokoa ondo ezagutu, feeling ona izan behar da kidearekin. Elkar ondo ezagutu eta horrela eboluzio bat sortzen da bien artean, doinu berriak ateraz eta konpenetrazio gehiago lortuz.
Behin onarriak ikasita, ondo ikusten dugu inprobisazioa egotea. Ez da dana zehaztuta egon behar, bakoitzak erritmoa non eta noiz emateko erabakia hartuko du, beti ere erritmo hori hautsi barik, jolas baten antzera da , guk halaxe ikusten dugu.

Jotzeko bi pertsona behar dituen instrumentu bakarra da txalaparta. Bion arteko elkar ulertzea edo konpenetrazioa nolakoa da?
Oso garrantzitsua da beste kidea ondo ezagutzea eta harreman ona izatea. Inoiz hiru edo bost pertsona batera jo dugu erritmo ezberdinak sortuz, eta hor harremana baino, erritmoa jarraitzea da helburua eta giro ona nabaritzea


Zer dakizue bere historiaz?
Gipuzkan sortu omen zen. Sagardo garaia zenean, sagarrak txikitzeko makila batzuk erabiltzen zituzten eta jotzerakoan egiten zuen doinua inguruko baserrietara heltzen zen, eta entzutean bazekiten sagardo garaia zela.


Zenbat darama ikastaroa Gazten?
Pilo bat urte. Ikastaroa beti egon da aktibo. Ez dago maisurik, ikasleak bakarrik. Hara heldu eta guztion artean saiatzen gara txalapartari doinuak ateratzen. Esan dugu, behin onarriak ikasita, erritmoarekin egin beharreko jolasaldia da.
Inoiz mendiko zuhaitz enborretan edota kalean topatzen dugun bankuarekin erritmoak ateratzen hasten gara, konturatu barik. Behin Iruñan, eskailera batzuk igotzen geundela, nafar lagun batek esan zigun, “entzun jendearen pausuak eskailerak igotzerakoan”, ta erritmo bat sortzen ari zen, harrigarria.


Deustuko Gazte Lokalean txalaparta jotzen ikasteko aukera dago. Zergaitik hain gazte gutxi aritzen dira txalapartan?
Gazteen artean gero eta zabalduago ikusten dugu txalaparta. OrekaTx taldeak, esaterako, lortu duen soinu eta erritmo ezberdinak, material anitzez sortuak, beste xarma eman dio txalapartari. Tradiziotik aldendu dute pixka bat, gauza berriak probatuz. Guk ildo horretatik ikusten dugu.


Zein da euskararen presentzia Gazte Lokaleko txalaparta saioetan? Euskaraz emateko aukera ematerik etorkizun batean?
Giro euskalduna da, baina gaztelerara jotzen da normalean. Kontraesana, bai, baina txipa aldatu barik dugu. Euskaraz inoiz mintzatzen dugu, baina, normalean gazteleraz aritzen gara, euskaraz hitz egiteko ohitura faltagatik. Prest gaude euskara hutsez emateko baina txipa aldatu behar dugu.

Saiorik egiten ahal dituzue gaztetxetik kanpo?
Bai, ezkontzetan, bazkari edota festetan jotzen dugu.

Asmorik duzue aurten txalaparta ikastaroa egiteko?
Noski baietz, astelehenero 19:30etatik 22:00ak arte.


Euskal Herritik kanpo aritu zineten txalapartarekin. Zelan izan zen?
Eusko Jaurlaritzak turismoa sustatzeko antolatu zituen jarduera batzuetan, Andaluzian, Polonian, Galizian … ibili ginen baina hortik ezer gehiagorik ez.

Txalaparta nazioarteko leihora ateratzen ari dela dirudi. Zein ikuspegi duzue txalapartaren etorkizunarekiko?
Gero eta sendoagoa ikusten dugu txalapartaren bidea, eta nahastuagoa kreatibitate aldetik. Gero eta txalapartari gehiago daude, batez ere Iruña eta Baztan inguruetan, bertan arrakasta handia dauka tresna mistiko honek.

Bilblogari blog lehiaketa martxan

2009-10-02
Bilboko Udaleko Euskara Sailarekin elkarlanean, Nontzeberri kultura atariak BilBlogari Bilbo Handiko 15 eta 30 urte bitarteko gazte euskaldunei zuzenduriko blog lehiaketa abiatu du.

Ekimenaren helburua, euskara, gazteak eta teknologi berrien uztarketa sustatzea da, beti ere euskararen erabilera gazteen artean areagotzeko asmoz. Ez hori bakarrik, halaber, lehiaketa honen bidez gazteen parte-hartzea ere nabarmenduko da, eta partaidetza gazte hori euskalduna izango da.

Bilblogari lehiaketan nahi duen orok esku hartu ahalko du eta hiru atal izango dira: blog pertsonalak, taldeko blogak, eta tematikoak. Atal bakoitzean Interneteko bitakora onena sarituko da.

Horretarako, honako irizpide hauek baloratuko dira: euskararen maila, kalitate literarioa, diseinua, gaurkotze maila eta originaltasuna. Azken iripizde horren harira, blog originalenak ere bere sari berezia izango du.

Nontzeberrik eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak antolaturiko ekimenaren asmoa, gazteek sutsuki maite dituzten teknologia berriez baliatzea da, euskara adin tarte eta esparru birtual horretan sustatzeko asmoz. Era berean Bilbo Handiko gazteen parte-hartzea ere bultzatu nahi da, haien blogetan biltzen dituzten kezka, iritzi, ekimen eta ideien bidez, betiere euskara dela hizkuntza nagusia.

Lehiaketa urriaren 1etik azaroaren 30era bitartean gauzatuko da. Epe horretan parte-hartzaileek euren lanak bidaliko dituzte web gunean islatzeko.

Abenduan epaimahaia (blog-etan adituak diren bi pertsona) bilduko da irabazleak aukeratzeko, eta azkenik, irabazleak iragarri eta sariak emango dira.

Honakoak dira sariok:
Blog pertsonal onena: 350 euro
Taldeko blog onena:350 euro
Blog tematiko onena: 350 euro
Blog originalena: 350 euro

Sari banaketarekin batera off-line-ko saio bat egongo da (hitzaldia edo mintegi txiki bat) non aditu hauek blogintzari buruzko datu interesgarriak agertuko dituzten. Informazio guztia www.bilblogari.net helbidean